Koronabirusa Uribe Kostan

Erandio eta Getxoko garbiguneak zabalik mantenduko dituzte

Erredakzioa 2020ko mar. 17a, 17:17
Getxoko garbigunea zabalik mantenduko dute.

Bizkaiko Foru Aldundiaren garbiguneen sare osoa itxita egongo da, garbigune nagusiak izan ezik (Erandiokoa eta Getxokoa, kasu), koronabirusa zabaltzea saihesteko hartutako neurriek indarrean dirauten bitartean. Edozelan ere, garbigune horiek bakarrik egongo dira irekita astelehenetik barikura, 9:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 18:00etara, gremioek obra-hondakinak eraman ahal izateko.

Zelan jokatu kutsatutako pertsona baten hondakinakaz

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi du koronabirusak kaltetutako pertsonakaz kontaktuan egon diren materialak (maskarak edo eskularruak, esaterako) eta pertsona horiek sortzen dituzten hondakinak (paperezko zapiak, janari-hondarrak...) itxitura hermetikoa duen poltsa batean utzi behar direla, ahal dela estalkia eta irekitze-pedala dituen zaborrontzi batean, infektatua isolatuta dagoen gelaren barruan. Poltsa hori kentzeko, ezinbestekoa izango da poltsa hori itxitura hermetikoa duen beste poltsa batean sartzea. Itxitura hori, aldi berean, gainerakoen frakziorako ohiko poltsan sartuko da, gero frakzio horren edukiontzian uzteko. Elementu horiekaz ez da egingo, beraz, inolako gaikako bilketarik.

Gainerako hondakinak, birusak jotako pertsona batek ukitu ez baditu, gaikako bilketarako edukiontzi egokira botako dira, orain arte egin den bezala. Hau da: papera eta kartoia edukiontzi urdinean utziko dira; beira, berdean; ontzi arinak, horian; olioa, laranjan; ehunak, etxetresna elektriko txikiak, liburuak, jostailuak eta berrerabil daitezkeen besteko elementuak, edukiontzi zurian; hondakin organikoak, marroian, eta errefusa, horretarako jarrita dagoen edukiontzian.

Bizkaibus

Bizkaibusek zerbitzuaren %100 berrezarri du korridore nagusietan: Lekeitio, Durango, Mungia, Gernika, Bermeo eta Balmaseda. Baita Zamudioko Teknologia Parkeko eta Gurutzetako ospitaleko lineak ere.

Horrez gainera, zerbitzua indartzeko ibilgailuak daude, 15 eta 18 metrokoak, Euskal Herriko Unibertsitateak bere jarduera guztia eten duelako, besterik agindu arte; EHUra joateko, 4 linea baino ez daude orain.

Arduradunek azaldu dutenez, Bizkaibus etengabeko esfortzua egiten ari da zerbitzua ematen jarraitzeko eta osasun-arloko agintariek gomendatutako neurriak betetzen direla bermatzeko, besteak beste, bidaiarien artean metro batetik gorako segurtasun-distantzia uztearena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun