Elkarrizketak

"Futbolaren bidez herri-izaera bultzatu nahi dugu"

Unai Brea 2020ko eka. 9a, 08:00
Basamortu Taldeko zenbait kide. Aurreko ilaran, ezkerretik hasita bigarrena da Olazabalaga. HODEI TORRES

Erandion, konfinamendu-denbora baliatu dute batzuek lehenagoko ideia bat gauzatzeko: futbola beste era batera ulertuko duen kluba sortzeko. Basamortu Taldea du izena, eta Ander Olazabalaga kideak eman digu beraren berri.  

Ofizialki Basamortu Erandio Futbol Taldea izena badu ere, sortzaileentzat Basamortu Lagun Taldea da klub sortu berria. Federazioan izena emanda daude, eta datorren denboralditik (normaltasunez jokatzerik badago, behintzat) Hirugarren Lurraldeko Mailan jokatuko dute. Aldi berean, futbolean hain ohikoak ez diren baloreak zabaldu gura dituzte, Ander Olazabalagak azaldu digunez.  

Badago zuen historia labur kontatzerik?

Konfinamenduan sortu dugu, baina ideiak bazuen urtebete edo urte eta erdi. Oinarria da Erandion, gehienok, futbolean jokatzen dugula lehenengo bakoitzaren eskolan, eta gero klub batean. Hor egiten duzu ibilbidea, eta halako batean helduen mailan zaude. Orduan helburua da emaitza onenak ateratzea, eta azken urteetan gertatu da herriko jendeak aukera galtzen duela bertan jokatzeko, emaitzak hobetzearren kanpoko jokalariak ekartzen direlako, eta herri-izaera galtzen da. Klub berria sortzearen helburua da herriko jendeak berton jokatzeko talde bat izatea.

Nortzuk sortu duzue, zehazki?

Talde bat egon zen Erandion, helduen kategoriakoa baina B mailakoa, kuadrilla izanda eta Messi izateko helbururik gabe, kirola egiteagatik jokatuz, oso ondo ibili zena eta mailaz igo zena. Talde-izaera sendoa sortu zen, eta elkarrekin jokatzen segitu ahal izateko sortu da Basamortu, ohiko bideetatik joz ezin izango zutelako elkarrekin jarraitu. Beti poteoan bota izan den kontu bat da, azken urte eta erdian asko aipatu duguna. Eta orain sortu da, konfinamenduak gestioak egiteko denbora sobera eman digula aprobetxatuta. Aspalditik ideia aipatzen genbiltzanok bilera telematiko bat egin ostean, paperak bete genituen, Federazioan izena eman genuen, eta jada, ofizialki, Bizkaiko Lurraldeko 3. mailako taldea gara. Jokalariak (ni ez naiz horietako bat, klubeko kidea besterik ez) orain beste talde batzuetan daude (entrenatu gabe, pandemiagatik), baina datorren denboraldian Basamortun jardungo dute.

Beste balore batzuk aipatu dituzu. Zeintzuk?

Gaur egun zabalduen dagoen futbol-ereduaz bestelako zerbait egin nahi dugu. Ez dugu taldea sortu Bizkaiko onenak izateko edo mailaz igotzeko, baizik eta herriko kirolariak, kasu honetan futbolariak, batera egoteko, eta klubak berak herriari ere ekarpenen bat egiteko: herri-izaera bultzatzea, euskarari garrantzia ematea... Badaukagu grina hori ere, elkarrekin euskaraz egiten dugunok gutxiengoa izan arren, betidanik futbol-mundua erdaldun ezagutu dugulako, Erandion gutxienez. Saiatuko gara zuzendaritzan eta batzarretan euskaraz egiten, eta kanporako egiten diren gauzetan, adierazpenetan, elebidun gutxienez, euskara-maila duina erabilita. Jokalarien artean ere, eta entrenatzailearekin, ahalik eta gehien euskara erabil dadin saiatuko gara. Badakigu zaila dela, jendea ohituta dagoelako futbolean jokatzen duenean erdaraz egiten.

Zenbat zarete?

Futbolari-talderako baditugu hogei lagun ziurtatuta, eta beste zazpi inguru gaude, jokalariak ez garenok. Gehienak Altzagakoak, Astrabudukoren bat ere bai. Orain bi aste hasi genuen bazkide-kanpaina, eta ehun bat bagara dagoeneko. Esan beharra dago ez daukagula dirurik eta futbolean hasteko diru nahikotxo behar dela: inskripzioak, ekipamenduak… Jokalariek hartu dute konpromisoa eta diru nahikotxo ipini du bakoitzak jokatu ahal izateko. Erandioztarrek Erandion jokatu ahal izatea da asmoa, eta arraroa bada ere hori ez da hain erraza gaur egun.

Non jokatuko duzue?

Arteagako futbol-zelaian, Erandiogoikoan. Udalarena da. Hori bai, entrenatzen hasten garenerako, momentuz behintzat, gutxi gorabehera gaueko 21:30etik 22:30era egiteko baino ez daukagu baimena. Talde asko dabil han, eta ez dago lekurik. 

Zer beste asmo duzue, futbolean jarduteaz gain?

Esate baterako, jai-batzordean parte hartzea, eta urtean zehar futbolaren aitzakiaz beste gauza batzuk egitea. Adibidez, futbolaren inguruko jardunaldiak. umeentzako egun bereziak… Ekintza kulturalagoak. Oraindik ez dugu ezer zehatz gogoan. 

Basamortu izena zergatik?

"Erandion badago pike sanoa", dio Ander Olazabalagak, "edo batzuetan ez hain sanoa: Erandiogoikoan Altzagari beti esan diote Desierto, eta ez tonu onenean, ze tonu neutroan balitz gaitz erdi. Altzagakooi ez zaigu gustatzen hori. Horri buelta emateko, eta Desierto izena geureganatuz, taldeari Basamortu izena ipintzea erabaki dugu. Aspaldi pentsatuta genuen hala egitea". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun